XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lau gurpilen gainean ibiltzen zen Chevrolet hura bezain berria, bide batez esanda, zeren motorrak ere arraroak baitziren gure haranean.

La Vachek aipatzen zuen abioi erori harena, eta kitto, beste motor arrastorik ez inguruetan.

Gauza berria ezezik, bixia ere bazen pentsua, ohizko belarra baino askozaz biziagoa, eta gustora jaten genuen.

Azkenean, bete beteta jarri eta etzan egiten ginen liseriketa egitera; hantxe bertan, noski, zeren Genoveva eta Bizkar Okerrek hurrengo goizerarte itxoiten baitzuten ikuiluko ateak zabaltzeko.

Nire lehen banketeko egun hartan, oso gustora egon nintzen.

Eta ez bakarrik jan kontuagatik, baita Genovevak salan jartzen zituen diskengatik ere.

Baina, nahiz den dena lasai egon, nire barruko Setatsuak kezka zeukan.

Ez zuen pentsu bankete harena konprenitzen, eta urduritasuna ematen zion horrek.

- Ene lagun on ona, zergatik pentsua?

Balantzategin dagoen belar fin, goxo eta elikagarriarekin, zer dela eta kamioietan ekarri behar den elikadura hori?

Zenbat kostatzen ote da pentsu zaku bat?

Litxarkeria iruditzen zait.

Eta gainera, ez da jateko modu osasungarria.

Ahal dela gauza naturala jan behar da, zeren osterantzean hondatu egin baitaiteke gure estamaguetako bat.

Eta benetan esaten dizut, bere estamaguetako bat hondatzen duen behiak bere bizitzaren zati bat ere hondatzen du.

Naturala, lagun, ahal dela gauza naturala jan behar da.

Ez dakit Balantzategiko ugazaba andrea zertan pentsatzen ari den.